CD honetan Garapen Iraunkorrari buruzko Urdaibaiko Jardunaldiei lotuta egindako argitalpenak biltzen dira. Urte osoan 12 elkarretaratze egin ziren, Unesco Etxeak antolatuta, honako hauen lankidetza izan zuela: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailarena, eta EHUko Garapen Iraunkor eta Ingurumen-Hezkuntzari buruzko UNESCO Katedrarena.

Urdaibaik, 1984an UNESCOk Biosfera-Erreserba izendatu zuenetik, sendo egin du bere helburuetaranzko bidea, eta bateratzen ahalegindu da gizarte- eta ekonomia-hazkundea ingurumenaren errespetu eta babesarekin, hala nola gizakiari, horren balio kultural eta antropologikoei eta gizakiaren eta ingurunearen arteko harremanari balio handiagoa ematearekin.

Urdaibaiko gizarte- eta giza-sarearen balioa, lehen eta orain bezala etorkizunean ere, erreserbaren bilakaeraren giltzarrietako bat izango da, eta erakundeen zein gizarte-taldeen lanaren bidez nabarmendu da; izan ere, legeak eta kontserbazio- zein garapen-tresnak garatu dituzte, eta gizarte-egitura sendoa sortu dute.

Gizarte-eragile horien artean, UNESCO Etxeak bereziki sentitzen du hurbilekoa Urdaibairen eboluzioa, erakundearen sortze beretik sentitu ere, eta duen esku-hartze eraginkorraren bidez, betiere lankidetzan aritu baita erakunde eta gizarte-eragileekin, Urdaibaik bere egin dezan biosfera-erreserben sorreraren oinarrian egon zen filosofia: lurralde bat, gizakiaren eta bizileku duen ingurunearen arteko oreka gordetzen duena.

UNESCO Etxeak 1994an abiarazi zituen “Lurraldearen Ingurumen-Planeamenduari eta Garapen Iraunkorrari buruzko Jardunaldiak”. Ekimen aitzindaria izan zen, eta eskualdeko eragileen artean gogoetatzeko eta hitz egiteko, elkartzeko eta eztabaidatzeko guneak sortzea izan zuen helburu, horren bitartez Urdaibairen balioak ezagutu eta zabaltzeko, eta, batez ere, gizarte-eraikuntzan eta -hitzartzean laguntzeko. Lehendabiziko jardunaldi horien ondoren, bi urte geroagokoak etorri ziren, eta horrela jarraitu da etengabe, 2006. urteko XII. Jardunaldiak iritsi arte.

Jardunaldiak sendotuz joan dira, eskualdea iraunkortasunaren ikuspegitik garatzeko konpromisoa hartuta daukaten eragileentzat, urtero, erreferentziazko gaikako elkartzea delako. Bertakoei, urteen joanean, kanpotik etorritako gero eta parte-hartzaile gehiago gehitu zaizkie, interes bat bera baitute: garapen iraunkorra lortzea.

Eskerrak eman nahi dizkiegu erakundeei, etengabe emandako laguntzagatik. Bereziki hauei: Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetza Zuzendaritzari; Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuari; EHUko Garapen Iraunkorra eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO Katedrari, jardunaldiak antolatzen parte hartzeagatik. Eta, jakina, urte hauetan jardunaldietan eta gazte-trukeetan esku hartu duten parte-hartzaile, txostengile eta bertaratutako guzti-guztiei, izan duten jarreragatik, egin duten lan onagatik, erakutsitako kemen eta ilusioagatik, amore ez emateagatik eta, jakina, Urdaibai errespetatu eta maitatzeagatik.


UNESCO Etxea, 2007
www.unescoetxea.org


L.G.: BI-65-08
Argitalpen eta koordinazioa: UNESCO Etxea
Diseinua: Berekintza S.L.
© Eusko Jaurlaritza. Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
© UNESCO Etxea – Euskal Herriko UNESCO Zentroa