Adimen artifiziala eta sormena
Colectiva Femias (Alejandra Bueno, Aiskoa Pérez eta Laura MM), UN Etxea-ko kultur arduradun Begoña Guzmán-en laguntzaz, NBEko Giza Eskubide Kulturalen arloko Aditu Bereziaren txosten tematiko berrirako ekarpen bat prestatu dute, adimen artifizialari eta sormenari buruzkoa.
Nazio Batuetako Giza Eskubide Kulturalen arloko Aditu Berezia den Xanthaki andereak bere hurrengo txosten tematikoa adimen artifizialari eta sormenari lotutako eskubide kulturaletara bideratuko du. Txosten hau Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 80. saioan aurkeztuko da, 2025eko irailean. Bere lanaren baitan, ekarpenak jasotzeko deialdi bat egin du, txostenaren idazketan kontuan hartzeko.
Ildo horretan, UN Etxea-ko Kultura arlotik ekarpena egin nahi izan dugu Euskaditik ikuspegi batetik, eztabaida global honetan parte hartzeko, UNESCOren Adimen Artifizialaren Etikari buruzko Gomendioa eta Etorkizunerako Itunaren 5. helburua: Adimen artifizialaren gobernantza hobetzea gizateriaren mesedetan kontuan hartuta. Horretarako, Colectiva Femias-ekin elkarlanean aritu gara ekarpena egiteko, eta honako estekan irakur daiteke.
FEMIAS kolektiboa Aiskoa Pérez, Laura MM eta Alejandra Bueno artistek eta ikertzaileek osatzen dute. Haien jarduna artea, teknologia eta feminismoaren arteko gurutzaguneak aztertzea da. 2023az geroztik, adimen artifizialaren bidez sortutako irudietan dauden aurreiritziak ikertzen aritu dira. Ikerketaren ondoren, genero aurreiritzirik gabeko irudiak sortzeko eskuliburu bat sortu dute. Eskuliburuak irudiak sortzerakoan kontuan hartu beharreko jarraibide batzuk eskaintzen ditu, AI tresna bisualekin (TTI tresnak) lan egiterakoan. Eskuliburua tresna pedagogiko bat da: ez bakarrik irudiak aurreiritzirik gabe sortzen laguntzen duena, baizik eta irudiz betetako gizarte honetan begirada hezteko balio duena. Helburua eskuliburua tresna interaktibo bihurtzea da, baina momentuz hemen deskarga daiteke: MANUAL FEMIAS.
Bidali dugun ekarpenean NBEko Aditu Bereziak planteatutako galderei erantzuten saiatzen gara:
Zein dira adimen artifizialak gizakiaren sormenari planteatzen dizkion erronka nagusiak?, Nola ulertzen dugu sormenaren kontzeptua?, AI-k sortutako produktuak “jatorrizkoak” izan daitezke?. Gainera, sormenaren sustapenerako praktika onen adibideak eskaintzen dira, eta hezkuntzaren eta hezkuntza artistikoaren zereginaz hausnarketa egiten da, AI tresnen irakaskuntzan eta erabileran?.
“Edozein produkturen jatorrizkotasuna bere mezua da nagusiki; zer kontatzen duen eta nola kontatzen duen da gakoa. Estetika ere jatorrizkoa izan daiteke, batez ere irudi erakargarri edo ispilu baten gainetik doan ideiari lotuta badago. AI bidez sortutako irudien kasuan, haien jatorrizkotasuna emandako argibidean oinarrituko da, hau da, kontatu nahi den horretan”, adierazi du Colectiva Femias-ek.
Azaleko argazkia: Colectiva FEMIAS. Aiskoa Pérez, Laura MM eta Alejandra Bueno.