Euskadik Giza Eskubideen eta 2030 Agendaren aldeko apustua partekatu du NBErekin
Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzak, Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritzak, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak – Elankidetza, eta UN Etxea – UNESCOren Euskal Herriko Elkarteak elkarrekin aurkeztu dute ekarpen bat Giza Eskubideen Kontseiluari, giza eskubideen eta Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) arteko ikuspegi integratuen inplementazioari buruzko jardunbide egokiak, erronkak eta ikasitako ikasgaiak jasotzeko.
Ekarpena Giza Eskubideen Goi Mandatariaren Bulegoak (OACDH) abian jarritako prozesu baten baitan egin da. Prozesu horren helburua da giza eskubideen sustapena eta babesa 2030 Agendaren inplementazioarekin bateragarri egiten duten praktika onak, oztopoak eta ikaskuntzak identifikatzea, eta horien inguruko txosten bat prestatzea.
Tokiko eta deszentralizatutako ikuspegitik, Eusko Jaurlaritzak eta UN Etxeak politika publikoen diseinu eta garapenean izandako esperientzia partekatu dute; horietan giza eskubideen balio eta printzipioak eta 2030 Agendaren ikuspegi eraldatzailea bateratu dira. Artikulazio hau ardatz estrategiko bihurtu da GJHak eskubideetan oinarritutako ikuspegitik (EOI) betetzen direla bermatzeko, eta inor atzean gera ez dadin.
Giza eskubideen eta garapen jasangarriaren aldeko apustu instituzionala
Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa giza eskubideekin hainbat politika eta tresnetan gauzatzen da. Nabarmendu daitezke, besteak beste, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Plana, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren Euskal Estrategia, memoriaren eta biktimen arretaren aldeko lana, eta 2030 Agendarako gobernantza multinibelaren estrategia. Tresna horiei esker, gobernu-mailen, gizarte-eragileen eta herritarren arteko jardun koherentea sustatzen da.
Esperientzia aipagarrienetako bat da Giza Eskubideen Defendatzaileentzako Babes Programa, arriskuan dauden aktibistei harrera, laguntza eta babes-sareak eskaintzen dizkiena. Programa honek erakusten du Euskadik konpromiso irmoa duela giza eskubideen nazioarteko defentsarekin, ikuspegi feministatik eta nazioartekotik abiatuta.
Kontseiluari aurkeztutako ekarpenak hainbat adibide praktiko biltzen ditu, ikuspegi integratu horiek nola aplikatu diren erakusteko. Besteak beste, giza eskubideen eta GJHen arteko adierazle bateratuak sortzea, gaitasun instituzionalak indartzea eta herritarren parte-hartzea sustatzea nabarmendu dira.
Agendak artikulatzeko erronkak eta ikaskuntzak
Giza eskubideak eta 2030 Agenda integratzea erronka handia da oraindik. Nabarmendu diren oztopoen artean daude sailen eta gobernu-mailen arteko koordinazioa, eta langile teknikoentzako prestakuntza etengabea eskubideetan oinarritutako ikuspegia eguneroko lanean txertatzeko. Era berean, garrantzitsua da gizarte zibilak eta egoera zaurgarrian dauden kolektiboek erabaki-prozesuetan parte hartzea bermatzea.
Ikaskuntza garrantzitsuetako bat izan da aliantza multinibel eta sektore artekoak sortzearen balioa. Horrelako aliantzek ezagutza, berrikuntza eta praktika onak partekatzeko aukera ematen dute, maila lokalean zein nazioartean.
Tokitik abiatutako ekarpena, ikuspegi globalerako
Oraingo ekarpen hau oraindik ez bada ofizialki baloratua, Euskadik badu aurrekari aitortu bat Nazio Batuen aldetik: 2022an aurkeztutako GJHen Borondatezko Azterketa Txostena (VLR), nazioarteko praktika on gisa azpimarratua izan zena. Horrek Euskadi kokatzen du giza eskubideen eta jasangarritasunaren inguruko elkarrizketa globalean konpromisoa duen eragile gisa.
Ekarpen honen lanketa eta aurkezpena erakusten du GJHak modu eraginkorrean ezartzeko ikuspegi eraldatzailea behar dela, pertsonen duintasuna eta giza eskubideak erdigunean jartzen dituena.
Agendak globalak ez dira estatuen ardura bakarrik: beharrezkoa da maila lokalean ere benetako inplementazioa egitea, testuingurura egokitutako politika publikoekin, pertsonekiko arduratsuak eta justizia sozialera bideratuak.
Parte-hartze honekin, Euskadik berresten du giza eskubide unibertsalen eta jasangarritasunaren aldeko konpromisoa, eta etorkizuneko estrategia globalak definitzen diren espazioetan ekarpen aktiboa egiten jarraitzen du.
Informazio gehiago ekarpenari eta Giza Eskubideen Kontseiluaren prozesuari buruz:
Ikusi argitalpena gure webgunean
Ikusi NBEren Goi Mandatariaren deialdi ofiziala
Argazkia: ONU/Jean-Marc Ferre