Kultura bizia etorkizun jasangarri baterako: euskal partaidetza MONDIACULT 2025 biltzarrean
UN Etxeak eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldi paraleloak kultura garapen jasangarriaren ardatz estrategiko gisa kokatu du
Irailaren 30ean, UN Etxeak eta Eusko Jaurlaritzak ekitaldi paralelo bat antolatu zuten UNESCOren Kultura Politikei eta Garapen Jasangarriari buruzko Mundu Biltzarrean – MONDIACULT 2025, Bartzelonan ospatua. “Culture in the Global Agenda: Localization, Diversity, Community” izenburupean, saioak erakundeetako ordezkariak, nazioarteko adituak eta gazte aktibistak bildu zituen, 2030 Agendaren tokiko ezarpenean aniztasun kultural eta linguistikoaren eraldatze-indarra aztertzeko.
Ekitaldia Bartzelonako Nazioarteko Biltzar Zentroan (CCIB) egin zen, eta Euskadiko aniztasun kultural eta linguistikoari buruzko bideo batekin hasi zen. Ondoren, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak hitzaldi nagusia eskaini zuen. Bere hitzaldian, 18. GJHaren proposamena aurkeztu zuen —aniztasun kultural eta linguistikoan oinarritua—, kultura garapen jasangarriaren aldeko eztabaida globalean Euskadik egindako ekarpen gisa. Halaber, kulturaren balio publikoa azpimarratu zuen, sormena, berrikuntza, ezagutza eta gizarte-aurrerapenarekin lotuz. Lankidetzan, kultura-ondareen demokratizazioan eta jasangarritasun arduratsuan oinarritutako estrategia-esparru bat proposatu zuen.
Ondorengo mahai-ingurua Arantza Acha UN Etxeko zuzendariak moderatu zuen, eta parte-hartzaile hauek izan zituen: Elin Burns (Galesko Gobernuko Kultura, Ondarea, Kirola eta Galeseraren zuzendaria), Kinohi Souki (Hawai‘i SDG Youth-eko kidea), Iñigo Arbiol (NBEren Local2030 Koalizioko Idazkaritzaren zuzendariordea), eta berriro Andoni Iturbe. Euskadi, Gales eta Hawai‘i-ko kasuen bidez, agerian geratu zen kultura eta hizkuntzak politika publikoetan txertatzeak gizarte-kohesioa, jasangarritasuna eta parte-hartze demokratikoa indartzen dituela.
Nabarmendutako esperientzien artean honako hauek azpimarratu ziren:
- Euskal kanpaina “Ahots Batuak”, garapen-politika eta -estrategietan aniztasun kultural eta linguistikoari buruzko 18. GJHa txertatzearen alde egiten duena.
- Hawai‘i-ko gazteen lidergoa eta hizkuntza indigenen erabilera GJHen jarraipeneko tokiko borondatezko berrikuspenetan.
- Galesko kultura-estrategiak, kultura-demokrazian, lurralde-erresilientzian eta galeseraren biziberritzean oinarrituak, lankidetza publiko-pribatuen bidez.
Eztabaidan zehar, kulturarentzako GJH espezifikorik ez egotea eta nazioarteko aliantzak indartzeko beharra azpimarratu ziren, kultura agenda globaletan ardatz autonomo gisa kokatzeko.
Ekitaldiari amaiera eman zioten Hawai‘i-ko gazteek egindako oli tradizional batekin eta Pablo Fernández Marmissolle-Daguerre CGLUko aliantzetarako idazkari nagusi laguntzailearen ondorioekin, tokiko gobernuek kultura eraldaketarako motor gisa duten konpromisoa berretsiz.
Jarraipen-proposamenen artean honako hauek nabarmendu ziren:
- Eskualdeko eta nazioarteko aliantzak zabaltzea, kultura-eragina indartzeko.
- Gazteek, herri indigenek eta tokiko komunitateek gidatutako ekimenak babestea.
- Hizkuntza-aniztasuna eta hizkuntza gutxituen sarbidea bermatuko duten tresnak garatzea.
UN Etxetik, eskerrak eman nahi dizkiogu MONDIACULT 2025eko Idazkaritzari, lurraldeetatik abiatutako praktika eraldatzaileak ikusarazteko aukera eman duen espazio inklusibo eta eleaniztun bat erraztu duelako. Lanean jarraituko dugu kultura eskubide, ondasun komun eta garapen-helburu gisa aitortua izan dadin.
Informazio gehiago:
Begoña Guzmán b.guzman@unetxea.org






