Mahaitik eszenara: komunitatea sortzen jarraitzen dugu
Adriana, Maná, Lady, Javier, Íñigo, Itxaso, Malvi, Olfa, Maite, Cruz, Loubna, Simón, Elena, Carmen, Fely, Iker, Josu, Arantzazu, Juanra, Marian edo Bego gara Ikasketa Komunitatea: Itsas Bitarteko Egunkaria izeneko edizio berri honetako parte garen pertsona batzuk. Izen batzuk ezagunak egingo zaizkizue aurreko edizioetan parte hartu dugulako; beste batzuk, berriz, lehen aldiz batu dira UN Etxeak BBK Kunaren babesarekin sortutako ekimen honetara.
Komunitatera lehenengoz hurbiltzen direnak jakin-min handiz, gogoz eta sormen, kontakizun, partekatze eta bidelagun izateko prestutasunez heltzen dira. Batzuk joan den azaroan Bilboko BBK Aretoan eta duela gutxi Campos Antzokian taularatutako A bordo del tiempo antzezlanaz gozatu ondoren batu dira; beste batzuk komunitateko kideen bidez jaso dute gonbidapena, kontatu baitiete zer egiten dugun eta nola.
Lehen hiru edizioetan komunitateak entzute eta hausnarketarako espazio bat sortzea lortu du, artea eta kultura ardatz hartuta, gizarte euskal herritarrean nola elkar eragiten dugun, nola sentitzen garen, elkarrekin nola bizi eta parte hartzen dugun ikuspegi interkultural eta intersekzional batetik aztertzeko. Hau da, bakoitzaren aniztasuna eta bizi ditugun aukera edo zailtasunak kontuan hartuta. Sorkuntza kolektibotik abiatuta, espazio komun eta partekatu bat sortzen jarraitu nahi dugu: aurreiritzirik gabeko giro irekian, zintzotasunez eta guztien ekarpenak bateratuz. Era berean, komunitatetik aldarrikatzen dugu pertsona guztiek gure lurraldeko bizitza kulturalean parte hartzeko duten eskubidea.
Aurten elikadura izango da gure gogoeta, sorkuntza, elkar ezagutza, elkarrizketa eta asmakizunen ardatz. Elikaduraren ikuspegi anitzek aukera paregabea eskaintzen digute loturak ehuntzeko.
Hurrengo hilabeteetan, Cruz Noguera antzezle eta antzerki-zuzendaria izango dugu bidelagun sorkuntza prozesuan. Hark gidatuko ditu mikrotailerrak —parte-hartzaileek eurek dinamiza ditzaketenak, Olfa Sendesniren kasuan bezala— eta komunitateko pertsona bakoitzaren parte-hartzea sustatuko du. Guztien ideiak eta bizipenak forma artistiko batean bilakatzen lagunduko du, kontatzeko unea iristeko zain dauden istorioak bihurtuz.
Hemen duzu komunitateak 2024an egindako prozesuaren bideo labur bat, A bordo del tiempo:
Azaleko argazkia: Cruz Noguera