UN Etxeak parte hartu du 2025eko Arte Outsider-aren Nazioarteko Kongresuan
Joan den ekainaren 12an eta 13an ospatu zen Bilbon 2025eko Arte Outsider-aren Nazioarteko Kongresua, Bilbao Formartek antolatuta, European Outsider Art Association (EOAA) erakundearekin elkarlanean. UN Etxeak aktiboki parte hartu zuen topaketa honetan, bere kultur arduradun Begoña Guzmánen bitartez. Guzmán hizlari gisa aritu zen ekainaren 13ko ostiralean Bizkaiko Abokatuen Elkargoan ospatu zen “Vivir y sobrevivir en arte outsider en nuestro entorno” mahai-inguruan.
Nazioarteko izaera duen kongresu honek artista, arte-profesional, hezitzaile eta sormen artistikoaren esparruko hainbat erakundetako ordezkariak bildu zituen. Helburu nagusia zen arte outsider-aren egoera ikusgai jartzea Estatuan eta adimen-desgaitasuna duten pertsonen garapen artistiko eta profesionala bultzatzen duten politika publikoak sustatzea.
Ostiraleko jardunaldian, autonomia erkidego ezberdinetako arte-zentroetako ordezkariek esperientziak, praktika onak eta euren kolektiboek aurre egiten dieten erronkak partekatu zituzten. Arratsaldeko saioan, Begoña Guzmán Graciela Garcíarekin —Art Brut-aren aditua eta El Hombre Jazmín blogaren egilea— eta Ana Urgoitirekin —Bilbao Formarteko sortzailekidea— aritu zen mahai-inguruan. Naia Aristondok moderatutako eztabaidak arte outsider-aren egungo posizioaren eta haren ahalmen eraldatzailearen inguruko hausnarketa kritiko eta eraikitzailea eskaini zuen.
UN Etxeak oso positiboki baloratzen du kongresu honetan parte hartu izana, bere konpromisoarekin bat baitator: aniztasun kulturalaren alde egitea, eskubideak sustatzea eta arte eta kulturaren mundutik kanpo geratu diren pertsonen parte-hartzea bultzatzea. Horrelako espazioek kultura garapenaren, gizarte-kohesioaren eta ahalduntzearen tresna gisa sendotzen dute.