Kultura eta musika: sorkuntzarako espazioen beharra

Eskubide kulturalak, giza eskubideen multzoaren barruan oso gutxi zainduak egon arren, eskubide horien funtsezko zati bat dira lankidetzaren, sostenibilitatearen eta, azken buruan, bakearen etorkizuna lortu nahi denean. Artearen eta kulturaren bidezko errealizazio pertsonala behar-beharrezkoa da garapen eta aurrerabiderako, bai maila indibidualean, bai maila sozialean. Gainera, arteak sortzen duen gizarte-esnatzea funtsezkoa da gizarte zibila antolatzeko, espazio komunak sortzeko eta egungo arazoen aurrean alternatibak planteatzeko.

 

Musikaren arloari dagokionez, adin guztietako pertsona guztiek adierazpen artistiko hau erraz eskura dutenez, kontzientziaziorako eta eraldaketarako tresna ezin hobea da, bereziki artea edozein formatan garatzeko edo kontsumitzeko zailtasunak izan dituzten eta historikoki zapalduta egon diren estratu sozialen artean. Angela Davis filosofo estatubatuarraren arabera, musika adierazpen artistiko boteretsuenetako bat izan da komunitate afroamerikarraren barruan justiziaren eta erresistentziaren aldeko borrokan. Afrikako milioika pertsona bortxazko lanak egitera behartu zituen indarkeria eta esplotazio transatlantikoaren garaian, haien nortasun kulturalak desagerrarazten saiatu ziren. Hala ere, musika erresistentzia eta baieztapen kolektiborako gune bihurtu zen. Muturreko zapalkuntza baldintzak izan arren, esklabo bihurtutako pertsonek beren historiari eusteko, lotura komunitarioak sendotzeko eta beren gizatasuna zaintzeko modu bat aurkitu zuten kantuan eta musika erritualetan. Beraz, musika entretenimendu edo kontsumo-objektu hutsa izan daiteke, baita gizartea esnatzeko eta bidegabekerien aurka borrokatzeko motorra ere.

 

Musika hizkuntza bat da, garenaren eta sentitzen dugunaren adierazpena, eta, esan dudan bezala, aldaketarako tresna bat. Beraz, musika modu aktiboan (sortzaile gisa) eta pasiboan (entzule gisa) bizi ahal izatea borrokatu beharreko eskubidea da eta izan behar du beti. Artikulu honen bidez, gaur arlo honetan  aurkitzen dugunaren balantzea egin nahi da eta musika berdintasunean sortzeko eskubideari buruzko aldarrikapena egin. Horretarako, eskubide kulturalei buruzko marko teoriko labur batetik abiatuko da, eta, ondoren, musikaren egoera modu zehatzagoan aztertuko da, Estatu mailan musika sortzeko eta zuzenean aurkezteko espaziorik ez dagoela ikusaraziz. Musikari gisa pertsonalki ezagutzen dudan errealitatea da, eta nire esperientziei eta ingurukoei esker ikuspegi hurbilagoa eskain dezakedala uste dut.

 

IrakurriKultura eta musika: sorkuntzarako espazioen beharraartikulu osoa Unai Ortiz Urbizu, Deustuko Unibertsitateko Filosofia, Politika eta Ekonomiako graduko 4. mailako ikaslearen eskutik, UN Etxeko Gizarte Eraldaketarako Kulturaren arloko praktiketan.

 

Kultura eta musika: sorkuntzarako espazioen beharra

 

 

*Argazkia: Unai Ortiz Urbizu.