Gorrotoaren aurrean konfiantza eraiki. Bakerako hezkuntza sustatzeko gakoak

Gizarte-polarizazioaren gorakadak, desinformazioak eta gorroto-diskurtsoek markatutako testuinguru honetan, “Gorrotoaren aurrean konfiantza eraiki. Bakerako hezkuntza sustatzeko gakoak” argitalpenak hezkuntza jartzen du erdigunean, bizikidetza demokratikoa indartzeko, diskriminazioa prebenitzeko eta gizarte inklusiboagoak sustatzeko funtsezko tresna gisa.

 

UN Etxeak prestatutako argitalpen honek “Gorrotoaren aurrean konfiantza eraiki. Bakerako hezkuntzaren nazioarteko esparrua eta haren aplikazioa Euskadin” txostenaren ondorio nagusiak laburbiltzen ditu, gaur egun bakerako hezkuntzak planteatzen dituen erronka eta aukeren ikuspegi irisgarri bat eskainiz.

 

Dokumentuak ideia nagusi bat du abiapuntu: bakea ezin da soilik gatazkarik ez izate gisa ulertu, baizik eta giza duintasunean, berdintasunean, justizian eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako harremanen eraikuntza aktibo gisa. Zentzu horretan, nazioarteko erreferentzien artean, UNESCOk 2023an onartutako Bakeari, Giza Eskubideei eta Garapen Jasangarriari buruzko Hezkuntzarako Gomendioaren orientabideak jasotzen ditu.

 

Txostenaren ondorio nagusien artean daude giza eskubideak hezkuntza-politiken erdigunean kokatzeko beharra, ikaskuntza sozioemozionala sustatzea, desinformazioaren aurrean alfabetatze digitala eta mediatikoa indartzea, hezkuntza artistiko eta kulturala gizarte-kohesiorako tresna gisa bultzatzea eta hezkuntza-komunitate osoa bakearen kulturaren eraikuntzan inplikatzea.

 

Era berean, argitalpenak nabarmentzen du Euskadik oinarri sendoa duela arlo honetan aurrera egiteko, nazioarteko esparruen eta memoria, bizikidetza eta giza eskubideak ardatz dituzten hainbat hezkuntza-ekimenen arteko bateratasunari esker. Horrez gain, euskal hezkuntza-curriculumean herritartasun demokratikoarekin, pentsamendu kritikoarekin, aniztasunarekin eta herritartasun digitalarekin lotutako gaitasunak txertatu izanak ere bide hori indartzen du.

 

Argitalpenak ondorioztatzen du konfiantza ez dela berez sortzen, hezkuntzaren, politika publikoen eta bizikidetza-esperientzien bidez eraikitzen dela. Gorrotoaren, polarizazioaren eta desinformazioaren aurrean, bakerako hezkuntza gizarte demokratiko, inklusibo eta erresilienteak indartzeko tresnarik eraginkorrenetako bat da.

 

Txosten osoa eta haren sintesi-dokumentua irakasleei, hezkuntza-zentroei, administrazio publikoei, gizarte-erakundeei eta giza eskubideen nahiz bakearen kulturaren sustapenarekin konprometituta dauden pertsona guztiei zuzenduta daude.

 

https://unetxea.org/wp-content/uploads/2021/01/Logo_pdf.pngSintesi-txostena: Gorrotoaren aurrean konfiantza eraiki. Bakerako hezkuntza sustatzeko gakoak.

 

https://unetxea.org/wp-content/uploads/2021/01/Logo_pdf.pngTxosten osoa: Gorrotoaren aurrean konfiantza eraiki. Bakerako hezkuntzaren nazioarteko esparrua eta haren aplikazioa Euskadin.