Jasangarritasunerako hezkuntza ikaskuntza egoeren bidez
UN Etxea – UNESCO Sustatzeko Euskal Herriko Elkarteak, Andrea Antúnezekin elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin, material didaktiko berri hau aurkeztu du gida teoriko-praktiko gisa. Material honekin irakasleei eta hezkuntzako profesionalei lagundu nahi zaie lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleekin garapen jasangarria lantzeko, ikaskuntza kritiko eta kontzienterako metodologia eta metodo berrien bidez.
Argitalpen berri honetan, Garapen Jasangarrirako Hezkuntzaren nazioarteko esparrurako lehen hurbilketa teorikoa aurkituko dugu, bai eta hezkuntzaren egungo erronkak ere, maila globalean; eta bigarren atala, berriz, praktikoagoa da, ikaskuntza-egoera berrien bidez ikasgelan garapen jasangarria lantzeko proposamenekin.
Gida honen bidez, tresna bat eman nahi diegu irakasleei eta hezkuntzako profesionalei, ikasgelan eta tokian tokiko esparruan lantzeko garapenaren dimentsio sozialak, ingurumenekoak, kulturalak eta ekonomikoak, eta Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeari buruzko 77/2023 Dekretu berriaren konpetentzia-ikaskuntzarekin lotzeko.