Erakusketa Mobilizatu giza eskubideen alde! Mugi zaitez!
Ba al dakizu dagoeneko 75 urte bete direla Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zenetik? Ibilbide luzea izan duen arren, oraindik pertsona askori urratzen zaizkio bere giza eskubideak egunero mundu osoan, baita gugandik gertuen dagoen testuinguruan ere. Horregatik, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1948an onartu zuenean bezain egokia da oraindik ere aldarrikapen hori.
Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. urteurrenaren esparruan eta Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoaren #Standup4humanrights kanpainari laguntzeko, UN Etxea – Asociación del País Vasco para la UNESCO elkarteak Ane Pikaza euskal artistak ilustratutako erakusketa ibiltari honen sorrera bultzatu du. Giza eskubideak sexu-, kultura- eta funtzio-aniztasunaren ikuspegitik sustatzea du helburu, ikusleen konpromisoa eta ekintza sustatuz.
Orain arte, erakusketa La Pererra (Bilbo), Lauxeta Ikastola (Zornotza), Zumaiena Ikastetxea (Zumaia) eta Ignacio Aldecoa Kultura Etxean (Gasteiz) egon da ikusgai. Gaur egun, otsailaren amaierara arte, Bizkaiko Gizarte Laneko Elkargo Ofizialean (Bilbo) dago.
Pertsonen oinarrizko eskubide eta askatasunak ezagutzera, betetzera eta haiei buruz gogoeta egitera gonbidatzen zaitugu, eta gizarte justu eta askotarikoen eraikuntzan parte hartzera.
Erakusketa hau UN Etxea erakundearen ekimena da, eta, egitasmoa gauzatzeko, Amesten, Mujeres con Voz eta Naizen elkarteekin aritu da elkarlanean. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetzarako eta Dibertsitaterako Zuzendaritza Nagusiaren babesa ere badu.
Erakusketa zure espazioan (ikastetxean edo lantokian, erakusketa-aretoan, etab.) hartu nahi duzu?
Jarri harremanetan info@unetxea.org . Gaia: Giza Eskubideen Erakusketa