UNESCO Eskola Elkartuen Sarearen XXXVII. Estatuko Topaketan parte hartu dugu Bartzelonan
Ekainaren 30etik uztailaren 3ra bitartean, UNESCOren Eskola Elkartuen Sarearen (RedPEA) XXXVII. Estatuko Topaketa izan zen Bartzelonan; UNESCOren balioekin eta herritar global bidezkoago, jasangarriago eta solidarioago baten eraikuntzarekin konprometitutako hezkuntza-komunitatearentzat erreferentziazko hitzordua izan zen.
“Balioak partekatzen ditugu, aurrera egiteko elkarlanean aritzen gara, amesten dugun etorkizuna eraikitzen dugu” lelopean, autonomia-erkidego ezberdinetatik etorritako irakasleak, zuzendaritza-taldeak eta erakundeetako ordezkariak elkartu ziren esperientziak partekatzeko, lankidetza-sareak indartzeko eta hezkuntzaren egungo erronkei buruz hausnartzeko.
UN Etxea topaketa honetan egon zen, Euskadiko PEA sareko hezkuntza-zentroei lagunduz eta ikaskuntza-gune ezberdinetan parte hartuz. Jardunaldietan zehar, hainbat gai garrantzitsu landu ziren: Munduko Herritartasunerako Hezkuntza, Garapen Jasangarrirako Hezkuntza, kultura arteko ikaskuntza, ondarearen babesa eta hezkuntzak Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) lortzeko duen zeregina.
Programak tailerrak, jardunbide egokien aurkezpenak, sareko lanerako espazioak eta kultura-jarduerak uztartu zituen, Estatu osoko hezkuntza-zentroen arteko metodologia eta esperientzien trukea sustatuz. Era berean, hezkuntza-esparruan adimen artifizialak planteatzen dituen erronka eta aukerei buruzko hausnarketa-gunea ere eskaini zen.
UNESCOren Eskola Elkartuen Sarea nazioarteko hezkuntza-zentroen komunitatea da, giza eskubideak, bakearen kultura, berdintasuna, jasangarritasuna eta kultura arteko elkarrizketa sustatzeko lanean diharduena. Mundu mailan, gure garaiko erronka globalei erantzuteko gai den hezkuntza eraldatzailearekin konprometitutako milaka eskola lotzen ditu.
Halako topaketetan parte hartzeak indartu egiten du UN Etxeak Euskadiko PEA sareko hezkuntza-zentroei eskaintzen dien laguntzarekiko konpromisoa, bai eta pertsona kritikoak, konprometituak eta gizarte inklusiboagoak, baketsuagoak eta jasangarriagoak eraikitzeko gai diren herritarrak hezten lagunduko duen hezkuntza sustatzeko konpromisoa ere.


