“Gure mundua eraldatzea” erakusketa 2022ko Goi Mailako Foro Politikoan

Nazio Batuen Ekonomia eta Gizarte Gaietako Sailak «Gure mundua eraldatzeko 17 helburu» erakusketa hautatu du formatu birtualean erakusteko aurtengo Goi Mailako Foro Politikoan (HLPF, ingelesezko siglak). Erakusketa hori UNESCO Etxearen eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren arteko lankidetzaren emaitza da.

HLPF foroa 2030 Agendaren eta Garapen Jasangarrirako Helburuen jarraipena eta ebaluazioa egiteko nazioarteko plataforma estrategikoa da, eta 2022an honako gai hau jorratuko da: «Building back better from the coronavirus disease (COVID-19) while advancing the full implementation of the 2030 Agenda for Sustainable Development».

Erakusketak 2030 Agendaren GJHei buruzko informazioa ematen die herritarrei. Horretarako, zenbait gai orokor ilustrazioen bidez berrinterpretatzen dituzte, besteak beste, gosearen aurkako borroka, osasuna, jasangarritasuna, kontsumoa, bakea eta genero-berdintasuna.

Gainera, unitate didaktikoak garatu dira euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloko ikasleentzat. Horren helburuak dira gazteen kalitateko garapen iraunkorrerako hezkuntza sustatzea eta 2030 Agenda lortzeko beharrezkoak diren ezagutzak garatzen laguntzea.

Erakusketa ikusteko: https://hlpf.un.org/2022/exhibit

Informazio gehiago webgune honetan: Agenda 2030eko Erakusketa Birtuala (unescoetxea.org)