Kultur Aniztasunaren Munduko Eguneko jarduerak

  • “Bilbao sin filtros- Aniztasuna auzoz auzo” kanpainaren barruan hainbat jarduera komunitario egingo dira, azkena maiatzaren 23an, Dock Bilbaon (Uribitarte pasealekua, 3). Herritarrei zuzendutako jardunaldi bat izango da, parte-hartze bidezko prozesuen emaitzekin.

 

  • Proposamenaren helburua da Bilbon bizikidetza, pertenentzia eta identitate komunitario partekatua indartzea, kultura-ekintza parte-hartzaileen bidez, aniztasunari buruzko beste narratiba eta esperientzia batzuk sortuz.

 

Bilboko Udalak eta UN Etxeak – UNESCO sustatzeko Euskal Herriko Elkarteak- jarduera-programa bat bultzatu dute Elkarrizketarako eta Garapenerako Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna dela-eta, maiatzaren 21ean. “Bilbao sin filtros – Aniztasuna auzoz auzo” lelopean, ekimenak auzoak erdigunean jartzen ditu, bizikidetza, sorkuntza eta eraikuntza kolektiborako espazio gisa.

 

Proposamenaren helburua da Bilbon bizikidetza, pertenentzia eta identitate komunitario partekatua indartzea, kultura-ekintza parte-hartzaileen bidez, aniztasunari buruzko beste narratiba eta esperientzia batzuk sortuz.

 

UNESCOren ekimenez, ospakizun honetan kultura-aniztasuna balio publiko, giza eskubide eta garapen jasangarriaren eragile gisa nabarmentzen da, kulturen arteko loturak gizarte inklusiboagoak, sortzaileagoak eta kohesionatuagoak eraikitzeko duen zeregina azpimarratuz.

 

AUZOETATIK ERAIKITZEN DEN HIRIA

Programa Europako STAND (“Strengthening Towns Activation for new Narratives on Diversity”) proiektuaren barruan dago, eta hiriko gizarte-, kultura-, hezkuntza- eta komunitate-entitateen ikuspegia jasotzea ahalbidetu du. Ondorio nagusien artean, ideia partekatu bat nabarmentzen du: Bilbo auzoetatik eraikitzen den hiria da, eta aniztasuna eguneroko bizitzaren funtsezko zatia da.

 

Aniztasuna erronka gisa aurkezten duten narratiben aurrean, ekimen honen bidez begirada-aldaketa bat proposatzen da, aniztasuna aberastasun kolektibotzat hartzen duena, bizikidetza, elkarrekiko errespetua eta erantzukizun partekatua indartzen duten kontakizunak bultzatuz.

 

COLLAGEA, POESIA, IRRATIA ETA IKUS-ENTZUNEZKO KONTAKIZUNAK

Programaren barruan hainbat kultura- eta sormen-jarduera biltzen dira, eta hiriko hainbat auzotan garatuko dira maiatzean zehar:

  • Collageko tailer artistiko komunitarioak, Karina Senatore artista afrofuturistak emanak, zeinak egun horretako kartel guztiak diseinatu baititu. Tailer horietan, auzotarrek nortasunari, memoriari eta bizikidetzari buruzko kontakizun bisualak eraikiko dituzte Castañoseko eta Uribarriko udaltegietan.
  • Irrati komunitarioko tailerrak Candela Radioren eta Otxarkoaga Prestakuntza Zentroaren eskutik: 14-18 urteko nerabeentzat dira eta alfabetatze mediatikoa eta irrati-ekoizpena uztartzen dituzte.
  • Mikrobideoak-auzopko pasadizoak ekoiztea, Kamanga Influencers Club-en eskutik: Bilboko eguneroko bizikidetza-esperientziak kontatuko dira lehenengo pertsonan, sare sozialetarako.
  • Poesia eta sorkuntza artistikoko tailerrak, eragin artistikoa dutenak, hiriko liburu-dendetan. Lucía Emmanuel Idazleen Eskolako poetak, eta Marcela Rodríguez artista plastikoak, beren sormena zabalduko dute La Ilusan eta La Saturninan.

 

Ekintza horien helburua da aniztasuna ikusaraztea, eguneroko esperientzia gisa, pertsonen arteko aintzatespena indartzea eta bizikidetzan eta hiriaren harrotasunean oinarritutako kontakizun partekatu bat sortzea.

 

JARDUNALDI NAGUSIA DOCK BILBAO-N

Programa maiatzaren 23an (larunbata) amaituko da, 11:00etatik 14:00etara Dock Bilbaon (Uribitarte pasealekua, 3) egingo den ekitaldi batean. Herritarrei zuzendutako jardunaldi bat izango da, sormen- eta partaidetza-prozesuen emaitzak bilduko dituena; mahai-inguru bat ere egingo da, Kolonbia Euskadi Elkarteko Francy Fonsecak dinamizatuta.

 

Data erreserbatu: https://forms.office.com/e/BVMYkRxGvB 

 

HIRIARENTZAKO LEGATUA

Ospakizunetik harago, proiektuaren barruan memorien, kontakizunen eta sorkuntzen artxibo digital bat sortuko da, ikastetxeetan, elkarteetan eta udal-espazioetan kulturarteko elkarrizketa sustatzen jarraituko duena.  Era berean, ekimenean inplikatutako kultura-, gizarte- eta komunitate-eragileen sarea indartuko da.

 

Proposamen horrekin, Bilbok kultura-aniztasunarekiko konpromisoa berresten du, bere nortasunaren elementu nagusi gisa eta hiri bidezkoago, inklusiboago eta kohesionatuago baterantz aurrera egiteko funtsezko tresna gisa.

 

Kanpaina eta jardueren programazio osoa baterako sorkuntza prozesu parte-hartzaile baten bidez egin da, prozesu horretan inplikatu diren tokiko eragile eta erakunde sozialekin batera. Prozesu horretan, hainbat saio egin dira, aniztasuneko narratiba alternatiboak eraikitzeko.

 

Iturria: Bilboko Udala