UN Etxeak Granadan egin den AIPAZen 50. urteurreneko “Bakea, Memoria eta Demokrazia” Kongresuan parte hartu du
UN Etxea – UNESCO sustatzeko Euskal Herriko Elkarteak parte hartu du “Bakea, Memoria eta Demokrazia. Bakearen aldeko 50 urteko ikerketa” Kongresuan. Kongresua AIPAZek antolatu du eta duela gutxi egin da Granadan. Topaketa honek hainbat arlotako adituak, ikertzaileak, aktibistak eta erakundeak bildu ditu, bakearen eraikuntzaren aurrerapenak, erronkak eta egungo desafioak ikuspegi historiko eta orainarekiko konprometitu batetik kolektiboki hausnartzeko.
Kongresuaren baitan, Eva Quiroga gure lankideak, UN Etxeako Hezkuntza Programako teknikariak, bake hezkuntzari eta herritartasun arduratsuari buruzko mahai-inguru batean parte hartu du. Bertan, hezkuntzak polarizazioari, gorroto diskurtsoei eta bizikidetza demokratikoaren higadurari aurre egiteko egiturazko tresna gisa duen funtsezko papera azpimarratu du. Beste esperientzia batzuen artean, Gorrotoaren aurrean konfiantza eraiki txostenean oinarritu da, eta nabarmendu du beharrezkoa dela estrategia erreaktibo hutsetatik epe luzeko hezkuntza-prozesuetara igarotzea, konfiantzaren eraikuntzan, giza eskubideetan eta parte-hartze demokratikoan oinarrituta.

Kongresuaren balio akademiko eta politikoaz gain, topaketa aukera bereziki esanguratsua izan da bake hezkuntzaren eta giza eskubideen arloan lanean ari diren sare eta aliantzen arteko elkarrizketarako eta berriz elkartzeko. Zentzu horretan, UN Etxeak hausnarketarako eta lanerako espazioak partekatu ahal izan ditu Eskubidezeko kideekin, Euskadiko Giza Eskubideen Hezkuntzarako Foroarekin.
Kongresu honetan parte hartzeak berresten du UN Etxearen konpromisoa bakearen aldeko ikerketa, hezkuntza eta ekintzarekin; prozesu kolektibo, kritiko eta giza eskubideen sustapenari, memoria demokratikoari eta gizarte bidezkoago eta inklusiboagoen eraikuntzari estuki lotutako prozesu gisa ulertuta.