Urdaibai Gurie irailaren 29an itzuliko da
- Urdaibai Gurie ekitaldiaren hirugarren edizioa, lurraldeko aisialdi, kultura, arte, artisautza eta gastronomia eskaintza irudikatzen duen gunea, Busturiako Madariaga Dorretxean ospatuko da irailaren 29an, igandea, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 16:00etara.
- Urdaibai Guriek tokiko produktuen merkatua, haurrentzako eta helduentzako jarduerak, ikuskizunak eta gune gastronomikoa ditu bere programazioan.
- Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak eta UN Etxeak abian jarritako Biosfera Naiz mugimenduaren parte diren tokiko ekimenak dira ekitaldiaren protagonistak, garapen jasangarriaren filosofiarekin bat datozen lurralde-ekimenak ikusarazteko sortutako mugimendua.
Datorren irailaren 29an Busturiako Madariaga Dorretxeak (San Bartolome Auzoa 35) Urdaibai Gurie ekitaldiaren hirugarren edizioa hartuko du. Egunean zehar publiko guztiarentzako ekintzak programatuta daude goizeko 11:00etatik arratsaldeko 16:00etara. Ekitaldiaren agendak tokiko produktuen merkatua, tailerrak, haurrentzako eta helduentzako jarduerak, ikuskizunak, aurkezpenak eta gune gastronomikoa ditu. Jarduera gehienak kanpoan egingo dira, baina eguraldi txarra eginez gero, barrura eramango dira.
Urdaibai Gurie eskualdeko aisialdi, kultura, arte, artisautza eta gastronomia eskaintza da. Inguruari, pertsonen ongizateari eta gure esentzia eta ondare kulturalaren transmisioari laguntzeko konpromisoa duen ekitaldia. Tailer, ikuskizun eta jarduera guztiek % 100eko konpromisoa dute gure biosferarekin.
Parte hartzen duten ekimenak Biosfera Naiz mugimenduaren parte dira, garapen jasangarriaren printzipioekin bat datozen lurraldeko ekimenen lana ezagutarazteko sortua. Biosfera Naiz, Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak (Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritassun Sailaren mendekoa) eta UN Etxeak (UNESCO Sustatzeko Euskal Herriko Elkartea) bultzatzen dute. Mugimenduak Ekoetxea Urdaibairen laguntza du, Eusko Jaurlaritzako ingurumen-zentroen sarearen parte dena.
Ekitaldiaren antolatzaileek herritarrei eskatzen diete garraio publikoa lehenestea ibilgailu pribatuen aurretik, mugikortasun jasangarria bultzatzeko eta Ekoetxea Urdaibairen aparkalekuko plazak mugatuak direla eta.
Urdaibai Gurie azoka
Urdaibai Guriek tokiko ekimenen 13 postu izango ditu, eta bertaratzen direnen eskura jarriko dituzte beren produktuak, sorkuntzak eta proiektuak.
Mestizaako Maider Sierra artistak Urdaibaiko paisaien argazkiekin collageak prestatu ditu bere salmentarako. Camila Bayonaren eskutik bitxiak eta Harrikontari, Tarradie, Goretti eta Ediart Handmade ekimenetako artisautza piezak erosi ahal izango dira. Eta loreek tarte bat izango dute berriro, Gernikako M&B Studiori esker.
Gastronomiari dagokionez, Amunategi upategiaren txakolina, Must Koopen artisau garagardoak, Zabaleko gildak, La Catalana Gernikaren gozoak eta Nutripolen eztia izango dira merkatuan.
Aurtengo edizioan, ehungintzako ekimenak berriz parte hartzen dute, Kostakok ekitaldirako sortutako kamisetak eta TxokopuntoStudiok puntuzko jantziak eskainiko dituzte.
Gune gastronomikoa
Gastronomiari dagokionez, merkatuan Must Koopen postuak egongo dira, artisau-garagardoen salmentarekin, Zabaleko gildak, La Catalana Gernika gozotegia eta Baserritik Gernikarako tokiko produktuekin egindako pintxoak.
Ekitaldiaren jarduerak
Helduentzako jardueren artean, mazerazioak eta barazki pateak egiteko tailerra antolatu da Olatxuko Laboreekin, eta galleta beganoak egiteko tailer bat La Catalana Gernikarekin. Aldi berean, Must Koopek “Lupulu Gurie” hitzaldia eta dastaketa eskainiko du.
Aurten ere Urdaibai Poetry Slamek zuzenduko du kultur jarduera “Urdaibai Kaligrama Fest” euskarazko poesia tailerrarekin. Horrez gain, Gernika Gogoratuz elkarteak “Bitzarako lurraldeak” proiektuari buruzko hitzaldia eskainiko du eta Ortuberen Lagunak Elkarteak Bermeoko atunontziaren historia eta zaharberritze prozesuaz hitz egingo du.
Urdaibai Bike Rental ekimenak bizikleta elektrikoen ibilaldiak prestatu ditu Ekoetxea Urdaibairen inguruetan, eta aldi berean, bisita gidatuak eskainiko dira biodibertsitatearen erakusketa iraunkorrera, Urdaibai Biosfera Erreserbaren kontserbazioak duen garrantziaz jabetzeko.
Etxeko txikienek ingurumen-kontzientziazioko bi tailer izango dituzte, Zure Alderekin birziklatutako musika-tresnak eta Harrikontarirekin birziklatutako kartoizko animalia-erretratuak sortzeko. Horrez gain, ekitaldiak haurrentzako jolasak eta pintakarak izango ditu.
Tailer eta ekimenetara mugatutako aurreinskripzioa Urdaibai Gurie webgunearen bidez egin ahal izango da irailaren 23tik aurrera. Plaza gehienen izen-ematea ekitaldiaren egunean bertan egongo da eskuragarri, aurrez aurre, Urdaibai Gurieren stand nagusian.
Ikuskizunak
Urdaibai Guriek Bermeoko Tumultu musika taldearen emanaldia eta Gernikako Tukatukada batukada taldearen itxiera emanaldia izango ditu aurten, non txikienek Zure Alde tailerrean sortutako instrumentu birziklatuekin bat egin ahal izango duten.
Biosfera Naiz mugimendua
2021ean, UNESCOren MaB programak 50 urte bete zituen, eta mundu osoko Biosfera Erreserbek bat egin zuten ospakizunarekin, hainbat motatako ekimenekin. Testuinguru horretan, Urdaibaiko Biosfera Erreserbak bat egin zuen ospakizunarekin, eta Biosfera Naiz mugimendua sortu zuen. Mugimendu horren helburua biosfera errespetatzea eta zaintzea da, baita lurralde dinamikoa eta aukeraz betea eraikitzea ere.