Euskal ekarpena MONDIACULT Munduko Konferentziari

Irailaren 22an, osteguna, “Kultura- eta hizkuntza-eskubideak tokian-tokian: aukerak eta erronkak Euskadi 2030” jardunaldia egin zen, UNESCOren Kultur Politikei eta Garapen Jasangarriari buruzko Munduko Konferentziari (MONDIACULT 2022) ekarpena egiteko ekitaldi paraleloen esparruan. Jardunaldi horretan, gure kultura-politiken egoera berrikusi zen, eta haien inguruan gogoeta egin zen, hala erronka globalei aurre egiteko eta berehalako eta etorkizuneko lehentasunak zehazteko, eskubideen eta jasangarritasunaren ikuspegitik betiere. UNESCO Etxeak antolatu zuen ekitaldia, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzaren laguntzarekin eta BilbaoArte Fundazioaren babesarekin.

UNESCO Etxeko zuzendari Arantza Achak ongietorria eman eta gero (New Yorken zegoen Nazio Batuek deitutako Hezkuntzaren Eraldaketari buruzko Gailurrera joana), Andoni Iturbe Amorebieta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak egin zuen “Kultura eta Garapen Jasangarria” inaugurazio-ponentzia.  Bertan, azaldu zuen zer konpromiso identifikatu dituen bere Sailak zenbait kultura-politika finkatzeko eta hala 2030 Agenda eta kultura-eskubideak betetzen laguntzeko, besteak beste, sormen-talentua eta ekintzailetza sustatuz, partaidetza eta ahalduntze kolektiboa bultzatuz eta kultura-aktiboak demokratizatuz. Era berean, aurkeztu zuen zer lan ari diren egiten Euskadiko liburutegien sarean, GJHei buruzko ikaskuntza- eta transmisio-gune gisa: Euskadiko Zinema Jasangarriaren Estrategia 2022-2024 ; eta azaldu zuen zer aurrerapen egin diren sortzaileen eta artisten izaerari buruz eta haien eskubide sozioekonomikoei buruz.

Ondoren, unibertsitatearen ahotsak izan genituen: Estibaliz Aberasturi-Apraiz, irakasle titularra eta Euskal Herriko Unibertsitateko ARTikertuz proiektuaren ikertzaile nagusia, eta Inés M. García Azkoaga, Euskal Filologian doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren koordinatzailea. Estibaliz Aberasturi-Apraizen hitzetan, “pentsamendu kritikoa edo kultura-produktuen sorkuntzaren kontrola ez da berez gertatzen hazkunde psikologiko edo fisiko hutsagatik, baizik eta irakaskuntza-prozesuen bidez”. Hala, haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztaroan sormen-gaitasunak sustatu beharra azpimarratu zuen, baita arte-diziplina desberdinekiko harreman goiztiarra izan beharra ere, hezkuntza-sisteman sorkuntza artistikoa eta kulturala ezagutzeko programen bidez. Bestalde, Inés M. García Azkoagak “euskarak eta hizkuntza-aniztasunak 2030 Agendarako estrategia garatzeko funtsezko elementu kultural gisa duen rola” aldarrikatu zuen, eta azpimarratu zuen beharrezkoa dela hizkuntza- eta kultura-aniztasunari buruzko prestakuntza sustatzea gure gizarteko hainbat esparrutan, hezkuntza esparruan sustatzeaz gain.

Hurrengo mahaian kultur-ekintzailetzara hurbildu ginen, hiru emakumeren eskutik: Leire Fernández, Clandestina arropa jasangarriko marka kubatarraren sortzaile eta zuzendari exekutiboa, eta Elena eta Cristina Amezaga, Antzasti Museo pribatuaren sortzaile eta kudeatzaileak. Bi esperientzia horiek, Kuba – Euskadi, nahiz eta geografikoki urrun egon, ekonomia zirkularraren ikuspuntua partekatzen dute, birziklapenean eta zero hondakin sortzean oinarritutako ekoizpen-modu jasangarriekin, eta, horrez gain, biek aldarrikatzen dute emakumeek bizitza pribatuan eta publikoan duten rola. Ekintzaile horiek auditorioarekin partekatu zuten zer esperientzia izan dituzten beren proiektu profesionalak aurrera ateratzen eta jasangarritasunez hornitzen; balioa eman zioten Euskadiko erakunde publikoek horrelako ekimenei emandako laguntzari, eta laguntza handiagoa eta jarraitua eskatu zuten gure lurraldeko sektorea indartzeko.

Azken mahaiak aniztasun kulturalera hurbildu gintuen, munduko ondasun publiko gisa, Francy Fonsecaren testigantzaren bidez. Francy Fonseca Emakumeak Aniztasunean Elkartearen sortzaileetako bat da. Fonsecak azaldu zuen bere testuinguru hurbilenean, Basauriko herrian, nola sustatzen duten beren elkartera joaten diren emakumeen topaketa, elkarrizketa, ahalduntzea eta trebakuntza. Bestalde, han izan zen Ixone Sádaba ere. Sábada artista da, eta MOVING ARTISTS elkartearen zuzendaria; elkarte horrek artisten, arte-langileen eta kultura-langileen mugikortasuna bultzatzen du, kulturaren alorrean isolatuta dauden eremuetatik eta eremuetara. Bada, Sábadak nabarmendu zuen zer-nolako arriskua duten kultura-eskubideek, hala nola gaur egungo egoera gatazkatsuan, artisten mugikortasunerako eta adierazpen askatasunerako.

Mahai bakoitzarekin batera, topaketaren dinamizatzaileak –Begoña Guzmán UNESCO Etxeko kultura-arduradunak– Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2030erako konpromisoekin eta ekimenekin lotu zituen aurkeztutako esperientzia guztiak, konpromiso eta ekimen horiek oso lagungarriak izango baitira Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzeko eta kultura-eskubideen arloan aurrera egiteko.

Ekitaldia amaitzeko, eskerrak eman zitzaizkien parte hartu zuten guztiei eta bertaratu ziren guztiei; UNESCOri ere bai, bere filosofiari eusteagatik eta gizarte zibilari erabaki-eremu horietan laguntzeko aukera emateagatik; BilbaoArte Fundazioko taldeari, bere sorkuntza-guneko ateak irekitzeagatik eta elkarrizketa honetan parte hartzeagatik; eta Eusko Jaurlaritzari, espazio horiek antolatzen eta bertan parte hartzen laguntzeagatik.

Ekitaldi paralelo hori bukatuta, UNESCO Etxeak konpromisoa hartu du UNESCOrekin eta MONDIACULT 2022 konferentziaren antolatzaileekin, haren kontakizuna idazteko, adierazitako formatuan, UNESCOren Kultur Politikei eta Garapen Jasangarriari buruzko Munduko Konferentziarenazken txostenean txerta dadin.

Konferentzia horrek bidea erraztu du kultura erabat integra dadin munduko ondasun publiko gisa, garapen inklusibo eta jasangarriaren alde, 2030 osteko Agendan. Hala jaso du Kulturaren aldeko adierazpenak, ehun eta berrogeita hamar estatuk aho batez onartua denak. Esparru horretako politika publikoak indartzeko ibilbide-orri komuna ezarri du adierazpen horrek.


Warning: Undefined variable $input_porcentaje in /srv/vhost/unetxea.org/home/html/wp-content/plugins/click-datos-lopd/public/class-cdlopd-public.php on line 484