“Mobilizatu giza eskubideen alde! Mugi zaitez!” online erakusketa zabaldu dugu
UN Etxeak – UNESCO sustatzeko Euskal Herriko elkarteak “Mobilizatu giza eskubideen alde! Mugi zaitez!” erakusketaren online bertsioa aurkeztu du. Proposamen hezitzaile eta interaktiboa da, eta gogoeta egitera, ikastera eta giza eskubideen defentsarekin konprometitzera gonbidatzen ditu herritarrak, aniztasunen ikuspegitik.
Ane Pikaza euskal artistak ilustratutako erakusketa honen helburua giza eskubideak gizarteari hurbiltzea da, dibertsitateetan — funtzionala, kulturala eta sexuala —, bizikidetzan eta desberdintasunen murrizketan arreta jarriz. Hainbat panel tematikoren bidez, ibilbideak galderak, datuak eta eduki irisgarriak proposatzen ditu, parte-hartzaileen hausnarketa kritikoa eta inplikazio aktiboa sustatzeko.
Erakusketak gogorarazten duenez, 1948an Deklarazio Unibertsala onartu zenetik igaro den denbora gorabehera, milioika pertsonak beren eskubideak urratuta ikusten jarraitzen dute mundu osoan, baita gertuko testuinguruetan ere. Errealitate horren aurrean, ekimenak gizarte bidezkoagoak, inklusiboagoak eta aniztasuna errespetatzen dutenak sustatzeko gonbita egiten du.
Ibilbidean zehar, funtsezko gaiak jorratzen dira, hala nola dibertsitate funtzionala duten pertsonen inklusioa, kultura-aniztasunaren balioa, LGTBI+ pertsonen aurkako diskriminazioa eta indarkeria desagerrarazteko beharra, eta errespetuan eta elkarrizketan oinarritutako bizikidetza-espazioak eraikitzearen garrantzia. Ibilbidea amaitzeko, ekintzarako dei zuzena egiten da, eta pertsona bakoitza animatzen da giza eskubideen defentsan konpromiso zehatzak hartzera.
Ekimen horren bidez, UN Etxeak berretsi egiten du giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzarekin eta gizarte-sentsibilizazioarekin duen konpromisoa, eta tresna irisgarri bat eskaintzen du balio horiek hezkuntza-testuinguruetan nahiz komunitate-guneetan lantzeko.
👉 Sartu online erakusketan eta egin bat giza eskubideen aldeko konpromisoarekin