Ondare Up Otxarkoagak! ezagutu du DIVERSITOURS ekimena

2023ko martxoaren 31n, UN Etxeak antolatutako jardunaldi bat egin zen Otxarkoagako Prestakuntza Zentroarekin elkarlanean, UN Etxea Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzarekin 2023an egiten ari den ‘‘Kultur Ondare Immateriala eta Garapen Iraunkorra’’ proiektuaren barruan.

Nazio Batuen 2030 Agendaren 11. helburuarekin lotuta dago proiektu hori, hau da, hiriak inklusiboagoak, seguruagoak, erresilienteagoak eta jasangarriagoak izatea, inor atzean ez uzteko printzipio orokorrarekin, eta kultura- eta natura-ondareak funtsezko eginkizuna izatea bizitzeko egokiak diren hiriak sortzeko.

Jardunaldiaren helburua izan zen Bilboko San Frantzisko auzoko kultur ondarea ikusaraztea, bertan bizi diren herritarren kultur aniztasuna islatuz. Kultura-ondarea kontu handiz kudeatu, babestu eta zaindu beharreko baliabidea da, zeharkako eginkizuna baitu Garapen Jasangarrirako Helburuen ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-arloetan.

Ibilbide gidatuen proposamen hezitzaile eta komunitarioa da DIVERSITOURS, Bilbok duen aberastasuna eta kultur aniztasuna erakusteko. Proiektuak aukera ematen du migrazioen eta kulturen arteko bizikidetzaren iraganeko eta gaurko historia adierazgarria duten auzoetan paseatzeko. San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetan egin da esperientzia pilotua, eta KOOP SF 34 erakundeak parte hartu du.

Gure ondare hurbilena aztertzeko eta haren bidez ikasteko jakin-mina partekatzen dute DIVERSITOURS eta Ondare Up Otxarkoaga proiektuek, ekimen horien bidez atzean utzi ahal izateko hiriko zenbait auzok edo gunek pairatzen dituzten estereotipoak eta estigmatizazioa. Hala, aldatu egingo da komunitate horiek ikusteko dugun modua, haien indarguneak antzemanez eta kultura-aniztasuna balio eta aberastasun gisa hartuz, bizitegi-bazterketan eta -segregazioan laguntzen duen elementua izan beharrean; izan ere, talde jakin batzuk gainerako herritarrengandik nolabait ere “bereizita” bizitzen dira azkenean, dituzten ezaugarriengatik edo tartean dauden faktore sozialengatik.

Bisita hasteko, San Luis meategiko (Saralegi plazan) errekuntza-labean bildu ginen, Bilbon zeuden meatze-ustiategien barrutiko instalazioa. Meatzaritza-jarduera horren ondorioz, eremu horrek hainbat immigrazio-bolada izan zituen 40-70eko hamarkaden artean. 1970eko hamarkadaren amaieran, Bilboko metropoli-eremua gainbehera ekonomikoa izaten hasi zen hiriko industria-jardueraren beheraldiaren ondorioz, eta horrek biztanleriarengan eta enpleguan eragin handia izan zuen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan.

Jarraian, San Frantzisko auzoko kaleetan barrena ibili ginen, eta Hiru Zutabe Plazan gelditu ginen. Bertan garbitoki publiko bat izan zen 70. hamarkada arte. Emakumeentzat bakarrik zen leku hura. Lan gogorra zen, eguraldi txarra jasan eta jarrera deserosoetan lan egin behar izaten baitzuten, baina, bestalde, garbitoki haiek soziabilitate-gune publiko bihurtu ziren emakume haientzat.

BBK Kuna – GJHen Etxea eraikina bisitatu genuen gero. 1914-1916 urteen inguruan eraiki zuten eraikin hori, eta hiriko lehen haurtzaindegi gisa erabili zen lehen. Gaur egun, gizarte-berrikuntzako gunea da, eta bertan, GJHekin lotutako hainbat eragilek hartzen dute parte, etorkizuneko erronkei erantzuteko irtenbide ugari eskaintzeko Bizkaiko gizarteari.  Kunaren ondoan San Anton Zubia dago, Bilboko Fundazio Gutuna (1300) baino lehenagokoa, eta hain da enblematikoa, non armarrian ere ageri baita. Sarritan suntsitu zuten, eta batzuetan berraikitze-lanak egin behar izan ziren. Gaur egungo San Anton zubia XX. mende hasierakoa da eta Alde Zaharra eta Bilbo Zaharra lotzen ditu.

Rafael Padillaren omenez jarritako plakan gelditu ginen, ’‘Monsieur Chocolat’’ izen artistikoaz ezaguna, Frantziako eszenako lehen artista beltza izan zena. Kuban jaio zen 1865ean gutxi gorabehera, haurra zela Europara joan zen bizitzera eta Bizkaian esklabo gisa lan egin zuen. Hainbat lanetan aritu zen Bilbon. Han ezagutu zuen Tony Grince pailazoa, eta laguntzaile eta morroi gisa kontratatu zuen hark. Noizbehinka bere emanaldietan sartzen zuen eta, hala, lortu zuen herrialdetik irtetea. 1886an Parisera iritsi eta Nouveau Cirqueko izar handienetako bihurtu zen.

San Frantzisko komentu zaharreko aztarna arkeologikoetara joan ginen ondoren, Mariaren Bihotza plazan. XV. mendeko komentu frantziskotar baten aztarnak dira. Gidariek azaldu digutenez, plaza horretan hainbat elkarte mota daude, beste herrialde batzuetatik datozen eta nondik hasi ez dakiten migratzaileei laguntza eta baliabideak ematea helburu dutenak.

Azkenik, KOOP SF 34 gunea bisitatu genuen. Irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta gazte ekintzaileak gidatu eta laguntzea du helburu. Laguntza-sarea da eta arlo sozialean eta ekonomikoan garatzen laguntzen die ekintzaileei. Bigarren eskuko artikuluen denda gisa hasi zen, eta gaur egun era askotako jarduerak ditu: jiu-jitsua, boxeoa, capoeira, hizkuntzak, konponketak, joskintza… Gune paregabea da eta jarduera berdina ez duten profesionalak elkartzen ditu elkarlanean aritzeko. Bere helburu nagusia da auzoan dauden kulturen talentua aprobetxatzea (aukera eta prestakuntza faltagatik garatu ezin izan dena) eta bide egokitik birbideratzea.

Aipatutako geldialdi horiez gain, jatorri desberdineko herritarrentzako (kamerundarrak, senegaldarrak eta abar) elkargune garrantzitsutzat jotzen diren plaza batzuetan ere gelditu ginen. Adibidez, Fleming Doktorea Plazan, penizilinaren aurkitzaileari eskainia.

Ikus dezakegu goitik behera eraldatzen ari den auzoa dela San Frantzisko. Auzo honetako bizilagunek San Frantzisko suspertu nahi dute, hiriko gainerakoei irekitzen saiatu, eta metropoli-eremuko gainerako tokietatik nahiz beste komunitate edo herrialde batzuetatik bisitariak erakarri. Laburbilduz, ‘aukera asko dituen gunea’ da gaur egun, bertako biztanleen ekimen sortzaile ugariei esker, bertako esentzia historikoa galdu gabe betiere.

Testuaren eta irudiaren egilea: Paula Andreea Berinde, UPV/EHUko Zuzenbide Graduko 4. mailako ikaslea, UN Etxeko Kultura arloan praktiketan ari dena.


Warning: Undefined variable $input_porcentaje in /srv/vhost/unetxea.org/home/html/wp-content/plugins/click-datos-lopd/public/class-cdlopd-public.php on line 484