Eskubideen eta klimaren defentsa

Joan den apirilaren 20an, BBK Klima Abenturan (Busturia), ‘‘Krisis klimatikoak eskubideak urratzen ditu’’ jardunaldia egin zen, UN Etxeak eta BBK Klimak antolatuta, eta Nazio Batuen Idazkaritza Nagusiaren eta MAECeko Nazioarteko Erakundeen eta Giza Eskubideen Idazkaritza Nagusiaren babesarekin. Helburu nagusia krisi klimatikoaren inguruko arazoei eta konponbide posibleei buruz sakontzea eta hausnartzea izan zen, gizarte- eta ingurumen-arazo gisa, eta giza eskubideekin duen harremana aztertzea ingurumen-ikuspegi batetik, eta ikuspegi global, kulturaniztun eta feminista batetik ere. Horretarako, jardunaldiak arreta berezia jarri zuen eskubideen defendatzaileen funtsezko eginkizunean, urratutako kolektiboen ahotsean, lankidetzaren garrantzian eta horretan guztian administrazio publikoek eta interesa duten pertsona edo erakunde guztiek duten rolean.

Jardunaldian hainbat hizlari izan ziren, eta jendea gaira modu integralean hurbildu zuten. Lehenik eta behin, Arantza Acha UN Etxeko zuzendariak klima-krisiak giza eskubideetan nola eragiten duen azaldu zuen. Krisi honek arriskuan jartzen du bizitzeko, osasunerako, uretarako, elikagaietarako, etxebizitzarako eta abarretarako eskubidea erabat gozatzea. Horrela, berehalako mehatxua da mundu osoko pertsona eta komunitateentzat. Beraz, giza eskubideen eta krisi klimatikoaren arloan betebehar eta konpromiso irmoak ezartzeak estrategien eta irtenbideen koherentzia eta legitimitatea indartu ditzake. Ezinbestekoa da agintariei eta erakundeei politiketan koherentzia maila hori eskatzea; bestela, klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko neurriek ere eskubideak urratzea bultza dezakete, batez ere gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden kolektiboenak.

Ibilbide historiko luzea dago krisi klimatikoaren aurrean giza eskubideak defendatzeko borrokari dagokionez. Dalila Arguetak, Giza Eskubideen Emakume Defendatzaileen Ekimen Mesoamerikarreko kideak, bere esperientziatik azaldu zuen nolakoa izan den, eta nolakoa izaten jarraitzen duen, lurraldearen eta klimaren defentsa, eta nola jarri dituen arriskuan pertsona asko, harik eta bizitza galdu arte. Guztion artean ikastearen garrantziaz, ekintza komunitarioaz eta bere lurraldean ingurune naturalaren degradazioa bizitzearen ondorioz bat-batean esnatzearen garrantziaz ari zela, helburu komun baten aldeko gizarte-konpromisoaren eta antolaketa zibilaren adibide argia erakutsi zuen: planeta zaintzea eta, horrekin batera, hura defendantzen dutenen eskubideak ere zaintzea.

Ponentzia hori izan zen, hain zuzen, bizitza erdigunean jartzeko ideian sakontzeko aitzakia, hau da, zaintzaren lanari eta gizakiak ingurumenarekiko duen interdependentziari balio handiagoa emateko aitzakia. Genero-ikuspegi batetik, Mª Mar Alonso Martín IHOBEko Ekintza Klimatikoko zuzendariak egungo lau erronka nagusiei buruz hitz egin zuen: 1) Genero-ikuspegia eta ikuspegi ekofeminista klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko gogoeta- eta erabaki-guneetan txertatzea; 2) Eredu sozial eta ekonomikoa eraldatzea, bizitzaren iraunkortasuna sustatuz klima-aldaketa arintzeari dagokionez; 3) Klima-aldaketara egokitzeak genero-ikuspegia integra dezan sustatzea, kalteberatasun-egoeran dauden pertsona guztiengana irits dadin; eta 4) Administrazioan zeharkakotasunaren alde egitea, genero-ikuspegia eta klimaren eta trantsizio energetikoaren ikuspegia ezartzeko.

Jarraian, azaldutako informazio guztia osatzeko, hiru kasu praktiko aurkeztu ziren. Lehenengoa, Zabalketa GKEko Gorka Cuberok azaldutakoa, Valles Cruceños-en (Bolivia) kasua izan zen; krisi klimatikoaren ondorioz ura eta elikadura izateko eskubidea nola urratzen den eta giza ongizate maila jakin bat bermatzeko horri erantzuteko beharraren adibide argia. Jarraian, Bizkaiko Sendagileen Elkargoko Irene Pascualek osasunerako eskubidea aipatu zuen, bai fisikoa bai psikologikoa, urraketaren beste adibide bat bezala. Hirugarrena eta azkena Mugarik Gabeko kide Jesús Gonzálezen hitzaldi labur eta inspiratzaile bat izan zen, herrien eta planetaren bizitza duinari buruzkoa, planeta bera eskubideen subjektu gisa ere ulertzen duena, eta naturaren esplotazioaren eta giza eskubideen urraketaren arteko paralelismoa aintzat hartzen duena.

Krisi klimatikoaren aurkako borrokan denak ez du balio, horrekin pobrezia eta desberdintasun gehiago sortzen badira, eta era berean, denak ez du balio pobreziaren aurkako borrokan, horrekin krisi klimatiko gehiago sortzen bada. Hala eta guztiz ere, krisi honi buruz hitz egiten dugunean, ezinbestekoa da kausetara jotzea eta, beraz, ingurumenaren aldetik jasanezina den eta desberdintasun sozial sakonak sortzen dituen ekoizpen eta kontsumo eredua aipatzea. Azkenean, beharrezkoa da pertsona bakoitzak bere erantzukizunak bere gain hartzea, arazoaren eta konponbidearen parte garen heinean, eta hori Berta Caceresek -ingurumenaren aldeko lider eta aktibista feministak- esandakoak gogoratuz egitea, hau da, alaitasuna eta errebeldia batera doazela, gelditasunera eraman gaitzakeen katastrofismoan ez erortzeko babes gisa.

Hizlari batzuen azken mezu giltzarri horiekin, eta zentroan zehar egindako bisitarekin, amaitutzat eman zen jardunaldia.