UN Etxeak berdintasunaren aldeko herri itunarekin konpromisoa adierazi du

UN Etxeak Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitza eta berdintasunaren aldeko Herri Itunaren “Tarteko unea” topaketan parte hartu urriaren 19an, Bilbon.

 

Jardunaldiaren helburua Itunaren ibilbidearen erdialdera iritsitakoan egindako bideari buruzko hausnarketa egitea eta atxikimendu gehiago lortzeko deia egitea izan da. Horrela, atxikitako erakundeen lana aztertu da, batu daitezkeen erakunde berriak inspiratzeko.

 

Ekitaldiaren hasieran Miren Elgarrestak eskerrak eman dizkie, besteak beste, Itunari atxikitutako toki-erakundeei, enpresei, ikastetxe eta unibertsitateei, kirol-erakundeei, hirugarren sektoreko elkarteei, alderdi politiko eta sindikatuei egindako lanagatik. Prozesua 2021ean hasi zen 38 lantalderekin eta 450 pertsonen parte hartzearekin.

 

Elgarrestak euskal gizarteari dei egin dio Itunarekin bat egiten duten erakundeak gero eta gehiago izan daitezen. Gogorarazi du, halaber, Ituna Emakundek bultzatutako lan-prozesu baten emaitza dela, NBEren nazioarteko “Generation Equality” ekimenaren barruan, gurean Berdinaldia, eta bere egitekoa “euskal gizartearen konpromisoa ikusaraztea, zabaltzea eta aktibatzea” dela, “emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aurrerapena bizkortzeko eta Euskadin indarkeria matxistarik gabeko bizitza eraikitzeko, 2030 Agendaren helburuen esparruan”. Elgarrestak erakundeek egindako lana eskertu du.

 

UN Etxea erakundeak bere konpromisoak aurkeztu ditu. Konpromiso horiek honako hauek dira: kontziliazioa eta aukera-berdintasuna errazteko telelana arautzea, sexu-arrazoiengatiko eta sexu-orientazioagatiko jazarpenaren eta abusuaren aurkako prebentzio- eta jarduera-protokolo bat egitea, edo 2030 Agendan genero-ikuspegia sustatzea. Era berean, AVCDren laguntzari esker, genero-berdintasunaren aldeko bigarren planaren alde lan egiten duela jakinarazi zuen.

 

Beste erakunde batzuk berdintasunaren aldeko konpromiso horrekin bat egitera bultzatu nahi dira, zehazki, biztanle gazteenak erakarri nahi dira eta haien parte-hartzea indartu.

Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Itunak hamar konpromiso orokor jasotzen ditu 2026rako: justizia ekonomikoa, emakumeen eta nesken ahalduntzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista, haurrak eta nerabeak, zaintza, gizonen inplikazioa, trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala, emakumeen mugimenduak eta lidergo feministak eta gobernu ona.

 

Horretaz gain, Itunean parte hartzen duten erakundeek eta pertsonek 151 konpromiso zehatz hartu dituzte, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aurrerapena bizkortzeko. Jardunaldian, datozen hiru urteetarako ibilbide-orria azaldu da, helburu horiek aktibatzeko eta berdintasunerantz benetako aldaketa eraldatzaileak lortzeko.


Warning: Undefined variable $input_porcentaje in /srv/vhost/unetxea.org/home/html/wp-content/plugins/click-datos-lopd/public/class-cdlopd-public.php on line 484