“Gazteak pentsatzen: Gerra eta bakea” topaketa

Utopian antzerki konpainiak (Getxo), UN Etxearen, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzaren eta Getxoko Kultura Gelaren laguntzarekin, bertako irakasle eta ikasleen eta Luzernako (Suitza) Vor Alpen antzokiaren arteko topaketa eta truke artistikoa abian jarri du.

 

Ainhara, Kattalin, Katixa, Naia eta Itziar ikasleak, Utopian taldeko Arantxa Iurre, Carlos Baiges eta Unai Bagesekin batera, Luzernara joango dira uztailaren 1etik 6ra, bakearen eta giza eskubideen inguruko truke artistiko bat garatzeko Luzernako Vor Alpen Theater antzokiko ikasle eta irakasleekin. Reto Ambauen zuzendariak Utopian bisitatu zuen joan den otsailean, ezarri beharreko metodologia elkarrekin garatzeko. Zer komunikatuko diote gazte horiek publikoari antzerkiaren eta dantzaren bidez gerra batek zer dakarren jakiteko? Nola lortzen da bakean bizitzea? Uztailaren 5ean Vor Alpen antzokiak familiartekoentzako eta publiko orokorrarentzako eszenaratzea hartuko du.

 

Bi espazio eszenikoen arteko harremana iaz sortu zen, Utopianek Europako antzerki- eta dantza-konpainiei buruzko ikerketa bat hasi zuenean. Konpainia horiek haur eta gazteekin lan egiten dute, ikasle zein ikusle gisa. Horrela, Teresa Rottembergek Luzerner Theatre antzoki publikoan eta koreografo gisa Mafalda konpainiarekin egindako lan pedagogikoa ezagutu zuten. Teresa Rottembergen bitartez, Vor Alpen Theaterrek haur eta gazteentzako klubekin egiten duen lanaren berri izan zuten, gazteekin zuzenean lan egiteko talde espezializatuarekin, eta harremanak estutu zituzten Reto Ambauen zuzendariarekin. Harreman horien ondoren, eremu eszeniko horiei (Utopian eta Vor Alpen Theater) lotutako profesionalen eta ikasle gazteen arteko truke-ekimen bat abian jartzea erabaki zuten, antzerki-sorkuntzatik eta dantzatik abiatuta bi lurralde horietatik (Euskadi eta Suitza) nola lantzen diren Giza Eskubideak, bizikidetza eta bakea, gaur egungoa bezalako testuinguru batean, non nazioen arteko gatazkek indarrean jarraitzen duten.