Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak “Uraren Jaiaren” XXXI. edizioa ospatuko du

Larunbatean, ekainaren 15ean, “Uraren Jaiaren” 31. edizioa ospatuko dugu Arrigorriagan. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak antolatzen duen ekitaldi horren bidez herritarrak, bereziki, gazteenak, ura zentzuz erabiltzearen inguruan kontzientziatzea da asmoa, ekosistema urtarraren biziraupenerako eta jasangarritasunerako funtsezkoa baita. Aurten ere, UN Etxeak parte hartuko du batez ere familientzako hitzordu ludiko-hezitzaile honetan, GJH 6aren inguruan sentsibilizatzeko.

 

Arrigorriagako Udalaren laguntzarekin antolatu den ekitaldi ludiko hori 10:30etik 19:00etara bitartean egingo da udalerriaren zenbait tokitan, zehazki, Udaletxeko plazan eta Agirre Lehendakariaren parkean.

 

Programatu diren 50 jarduera baino gehiagoren artean, larunbat honetan Arrigorriagara hurbiltzen direnek tailer didaktikoetan, tailer artistikoetan eta erakusketetan parte hartzeko aukera izango dute. Horrez gain, etxeko txikiek eta gazteek ondo baino hobeto pasatzeko hainbat jarduera izango dituzte: puzgarrien parke bat, ohe elastikoak, arrantzan egiteko eta txalupekin jolasteko igerileku txiki batzuk, ur-arrapala bat, ludoteka eta urari eta ingurumenaren babesari lotutako gaiak lantzeko beste hainbat jolas eta espazio.

 

Uretako paintball-a, fotomatoia, skate-erakustaldiak eta eraikuntza-jolasak ez dira faltako. Jarduerak osatzeko, gainera, musika, kaleko animazioa, arte eszenikoak eta sarien zozketak ere egongo dira.

 

Hori gutxi balitz, egun osoan zehar langile espezializatuek eskainitako bisita gidatuak egongo dira Edateko Uren Tratamendutegiak (EUT) —Ur Partzuergoak kudeatzen duen garrantzitsuenak— nola funtzionatzen duen ezagutzeko. Betelurira iristeko autobusak jarriko dira, eta nahitaezkoa izango da aldez aurretik izena ematea jai-eremuan bertan.

 

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak gogorarazten du jarduerak Arrigorriagako herrigunean egingo direla, beraz, garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da (Bizkaibus eta Renfe Aldiriak).

 

Ikus programa