Zientzia ozeanikoetan genero-berdintasuna sustatzeko gomendioak
Ekainaren 8an, Ozeanoen Mundu Egunean, “Zientzia ozeanikoetan genero-berdintasuna sustatzeko gomendioak” argitaratzen ditugu (* ingelesez). Gomendio horiek joan den apirilaren 8an Ozeanoen Hamarkadaren Konferentziaren barruan antolatutako ekitaldi honen emaitza dira: Genero-berdintasun intersekzionalaren eta zientzia ozeanikoen artean zubiak eraikitzeko elkarrizketa: diziplina anitzeko eta sektore anitzeko ikuspegia.
ICM/CSIC, UNESCO, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila, Oceánicas (IEO-CSIC), AZTI eta Associació Catalana de Dones de la Mar erakundeekin lankidetzan antolatu zen ekitaldia Bartzelonan, eta zientzia ozeanikoak genero-ikuspegi bateratu batetik definitzeko elkarrizketa-eremu bat sortzea izan zuen helburu. Emakumeak zientzia ozeanikoen maila guztietan sartzearen eta haien ekarpenak aitortzearen garrantzia azpimarratu zen. Gomendioen dokumentuan, zientzia ozeanikoetan genero-berdintasunak duen garrantzia aztertzen da, Garapen Iraunkorrerako Zientzia Ozeanikoen Nazio Batuen Hamarkadaren esparruan (2021-2030).
Hona hemen gomendio horien laburpena:
-
- Genero-berdintasuna zeharkako gai gisa: Ozeanoen Hamarkadaren testuinguruko ekintza, politika eta programa guztietan genero-ikuspegia txertatzea.
- Ekintza bateratua: genero-berdintasunaren sustapenean nazioarteko komunitatearen, erakunde akademikoen, sektore pribatuaren eta erakunde zibilen parte-hartzea sustatzea.
- Emakumeen parte-hartzea eta lidergoa sustatzea: emakumeek ozeano-gaietan parte hartzeko eta lidergoa izateko dituzten oztopoak eta bideak identifikatzea.
- Gaitasunen garapena: gaitasunak garatzeko ekimenak emakumeentzat onuragarri izan daitezen ahaleginak areagotzea.
- Diziplina arteko ikuspegia: sektoreen arteko lankidetza, kudeaketa ozeanikoaren emaitzak hobetzeko.
- Inbertsioa handitzea eta proiektuak finantzatzea: genero-berdintasuna sustatzen duten eta emakumeak buru dituzten proiektuetarako finantza-baliabide gehiago erabiltzea.
- Emakumeentzako guneak eta laguntza-sareak sortzea: emakumeek beren ideiak garatzeko eta partekatzeko guneak eratzea.
- Genero-arrakalei buruzko ezagutza hobetzea: sexuaren arabera bereizitako datuen bilketa hobetzea eta generoa kontuan hartzen duten adierazleak sartzea.
- Genero-diskriminazioari ikuspegi intersekzional batetik aurre egitea: jardunbide diskriminatzaileak desagerraraziko dituzten politikak eta programak ezartzea.
- Kalitatezko hezkuntza-aukerak zientzia ozeanikoen arloan emakumezko zientzialari gazte eta haurrentzat: hezkuntza-aukerak, bekak eta tutoretza-programak eskaintzea.
- Lan-ingurune inklusiboak eta errespetuzkoak: inklusio- eta aniztasun-politikak sustatzea, eta lan-ingurunean genero-indarkeria ezabatzea.
Gomendio horiek UNESCOri eta Ozeanoen Hamarkadari helarazi zaizkie, genero-berdintasuna zientzia ozeanikoetan erabat integra dadila eta emakumeek ozeanoen kontserbazioan eta kudeaketa jasangarrian zeregin aktiboa eta aintzatetsia izan dezatela eskatzeko.