Klima-hezkuntzari buruzko topaketak 50 profesional inguru bildu ditu

Joan den urriaren 28an BBK Klima Abentura “Etorkizuna eraikitzeko klima-hezkuntza” topaketa antolatu genuen (Busturian), eta bertan bildu ziren jasangarritasunerako hezkuntzaren alde lan egiten duten askotariko berrogeita hamar euskal eragile inguru. UNESCO Etxeak sustatu du, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta BBK Klimaren laguntza izan du. Hala, Asteklima 2022 ekimenaren barruan, topaketaren helburu nagusia izan da lankidetza, elkarrizketa eta faktore, diziplina eta maila anitzeko esperientzien trukea sustatzea, klima-hezkuntzan aurrera egite aldera, ezagutza eta hezkuntza eraldatzailearen bitartez.

Jardunaldian zehar klima-hezkuntzari buruzko 15 esperientziatako berrikuntzari buruzko ezagutzak, esperientziak eta hausnarketak trukatu ziren ikuspegi eta diziplina ezberdinetatik, hala nola artea, hezkuntza, kultura, solidaritatea edo ingurumena. Hauen guztien esperientziak jaso genituen, besteak beste: Ingurugelak, Ekoetxeen Sarea, Urdaibai Bird Center, Artekom, Cristina Enea Fundazioa, Kutxa Ekogunea eta Pobreziaren aurkako Borrokaren Ingurumen Jasangarritasunerako Sarea. Berriki inauguratutako BBK Klima Abenturako instalazioak ere bisitatu zituzten, bertako proiektu didaktikoa ezagutzeko.

Hauek izan ziren jardunaldian sortutako hausnarketa aipagarrienetako batzuk:

  • Klimaren aldeko ekintza sustatzeko funtsezko elementua da hezkuntza, pertsonei krisi klimatikoaren ondorioak ulertzen eta horiei aurre egiten laguntzen dien tresna, aldaketaren eragile gisa jarduteko behar dituzten ezagutzak, balioak eta gaitasunak eskaintzen dizkiena (UNESCO).
  • Nazioarteko komunitateak hezkuntzaren eta prestakuntzaren garrantzia aitortzen du klima-aldaketaren aurkako borrokan. Klima-aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioaren, Parisko Akordioaren eta Ahalduntze Klimatikorako Ekintza programaren (ACE) bidez, eragile publiko eta pribatu guztiei hezkuntzarako, ahalduntzeko eta esku hartzeko dei egiten zaie, klima-aldaketarekin zerikusia duten politika eta ekintzei dagokienez.
  • Klima-aldaketa ezin da landu ikaskuntza-plan jakin batean txertatutako ikasgai soil baten modura, baizik eta diziplina desberdinetan eta diziplina desberdinetatik landu beharreko zeharkako gaia da.
  • Irakasleen eta hezkuntza-sistemaren eginkizuna funtsezkoa da. Mundu-mailan, oraindik ere bada hobetzeko aukera, zientzian oinarrituta eta pedagogia aktiboez baliatuta. • Benetako proiektuetan metodologia egokiekin lan egitea ere garrantzitsua da, eginez ikasteko. • Horrez gain, klima-aldaketari buruzko hezkuntza ez da mugatzen gazteengana edo eskoletara. Beharrezkoa den guztia egin behar genuke bermatzeko mundu guztia dela gai krisi klimatikoa kontuan hartuz jarduteko, egun eta etorkizunean.
  • “Etxeetako sukalderaino” iristea da erronka eta horretarako komunikatzea da garrantzitsua, alegia, komunikatzeaz ez nekatzea. • Klima-aldaketak ekoantsietatea eragin diezaguke, baina ezin gaitu geldiarazi. Ezin ditugu geldiarazten gaituzten mezuak igorri, ekintzara bultzatzen gaituztenak baizik. Ekoantsietateari aurre egiteko, guztiz birpentsatu beharra dago klima-hezkuntzarekin lotutako pedagogia.
  • Azkenik, jardunaldian zehar asko entzun zenez, ekintzara igarotzeko zubiak, itunak, lankidetza, lana sarean… sortzeko beharra dago.

Warning: Undefined variable $input_porcentaje in /srv/vhost/unetxea.org/home/html/wp-content/plugins/click-datos-lopd/public/class-cdlopd-public.php on line 484