Herbie Hancockek eskerrak eman dizkigu Jazz egunari egin diogun ekarpenagatik

Herbie Hancock Institute of Jazz erakundeak UNESCO Etxeari eskerrak eman dizkio Jazzaren Nazioarteko Egunaren 10. urteurrena ospatzeko egindako ekarpenagatik.

Herbie Hancock UNESCOren Borondate Oneko enbaxadoreak sinatutako gutun baten bidez, jazz musikagile eta piano jotzaileak eskerrak eman dizkio UNESCO Etxeari jazzak eraldaketa sozialerako adierazpen artistiko gisa duen boterea ikusarazteko egindako ekimenagatik. Era berean, Jazz Day jardunaldiaren hurrengo edizioetan harreman horri eusteko gonbita egin du.

UNESCO Etxeak bat egin du 10. urteurreneko ospakizunekin, eta playlist bat sortu dugu Youtubeko gure kanalean, gure bazkideek, Kontseiluko kideek, ohorezko bazkideek eta lantaldeak aukeratutako askotariko jazz kantuekin.

Hemen ikus dezakezue playlista:

Zergatik ospatzen dugu Jazz Day?

2011ko azaroan, UNESCOren Biltzar Nagusian, nazioarteko komunitateak “Jazzaren Nazioarteko Egun” izendatu zuen apirilaren 30a. Nazioarteko Egun horrek mundu osoko tokiko komunitateak, eskolak, artistak, historialariak, akademikoak eta jazzaren zaleak biltzen ditu, jazzaren artea, haren sustraiak, etorkizuna eta inpaktua ospatzeko eta ezagutzeko.

Nazioarteko arte mota garrantzitsu hori bakearen, kulturen arteko elkarrizketaren, aniztasunaren eta giza eskubideekiko eta giza duintasunarekiko errespetuaren sustapenaren adibide bat da, eta lagundu egiten du bereizkeria desagerrarazten, adierazpen askatasuna sustatzen, sexuen arteko berdintasuna bultzatzen eta gazteek gizartea aldatzeko duten zeregina indartzen.

Apirilaren 30ean jazz soinua du UNESCO Etxeak.


Warning: Undefined variable $input_porcentaje in /srv/vhost/unetxea.org/home/html/wp-content/plugins/click-datos-lopd/public/class-cdlopd-public.php on line 484