Urdaibai Gurie irailaren 24an itzuliko da

  • Urdaibai Gurie ekitaldiaren bigarren edizioa, lurraldeko aisialdi, kultura, arte, artisautza eta gastronomia eskaintza irudikatzen duen gunea, Busturiako Madariaga Dorretxean ospatuko da irailaren 24an, igandea, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 16:00etara.
  • Urdaibai Guriek tokiko produktuen merkatua, haurrentzako eta helduentzako jarduerak, ikuskizunak eta gune gastronomikoa ditu bere programazioan.
  • Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak eta UN Etxeak abian jarritako Biosfera Naiz mugimenduaren parte diren tokiko ekimenak dira ekitaldiaren protagonistak, garapen jasangarriaren filosofiarekin bat datozen lurralde-ekimenak ikusarazteko sortutako mugimendua.

 

Datorren irailaren 24an Busturiako Madariaga Dorretxeak (San Bartolome Auzoa 35) Urdaibai Gurie ekitaldiaren bigarren edizioa hartuko du. Egunean zehar publiko guztiarentzako ekintzak programatuta daude goizeko 11:00etatik arratsaldeko 16:00etara. Ekitaldiaren agendak tokiko produktuen merkatua, tailerrak, haurrentzako eta helduentzako jarduerak, ikuskizunak, aurkezpenak eta gune gastronomikoa ditu. Jarduera gehienak kanpoan egingo dira, baina eguraldi txarra eginez gero, barrura eramango dira.

Urdaibai Gurie eskualdeko aisialdi, kultura, arte, artisautza eta gastronomia eskaintza da. Inguruari, pertsonen ongizateari eta gure esentzia eta ondare kulturalaren transmisioari laguntzeko konpromisoa duen ekitaldia. Tailer, ikuskizun eta jarduera guztiek % 100eko konpromisoa dute gure biosferarekin.

Parte hartzen duten ekimenak Biosfera Naiz mugimenduaren parte dira, garapen jasangarriaren printzipioekin bat datozen lurraldeko ekimenen lana ezagutarazteko sortua. Biosfera Naiz, Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak (Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren mendekoa) eta UN Etxeak (UNESCO Sustatzeko Euskal Herriko Elkartea) bultzatzen dute. Mugimenduak Ekoetxea Urdaibairen laguntza du, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren ingurumen-zentroen sarearen parte dena.

 

Urdaibai Gurie azoka

Urdaibai Guriek tokiko ekimenen 13 postu izango ditu, eta bertaratzen direnen eskura jarriko dituzte beren produktuak, sorkuntzak eta proiektuak.

Mestizaako Maider Sierra artistak Urdaibaiko paisaien argazkiekin collageak prestatu ditu bere samentarako. Camila Bayonaren eskutik bitxiak eta Harrikontari eta Dzemento ekimenetako artisautza piezak erosi ahal izango dira. Loreek tarte bat izango dute berriro, Rosas a Julieta lore-atelierrari esker.

Gastronomiari dagokionez, Amunategi upategiaren txakolina, Must Koopen artisau garagardoak, Zabaleko gildak, La Catalana Gernikaren gozoak eta Nutripolen eztia izango dira merkatuan.

Aurtengo edizioan, ehungintzako ekimenak gehitu dira, Kostakok ekitaldirako sortutako kamisetak eta TxokopuntoStudiok puntuzko jantziak eskainiko dituzte.

Azkenik, Sare Berdeak ingurua hobetzen laguntzen duten proiektuak aurkeztuko ditu.

 

Ekitaldiaren jarduerak

Helduentzako jardueren artean, mermelada eta barazki pateak egiteko tailerra antolatu da Olatxuko Laboreekin, eta muffin beganoak egiteko tailer bat La Catalana Gernikarekin. Aldi berean, Must Koop-ek “Lorategi didaktikoa” proiektua aurkeztuko du sendabelarren, belar aromatikoen eta lupuluaren baratze ekologikoan oinarritua. Aurkezpenean infusio dastaketa bat eskainiko du bere baratzeko landare eta belarrekin.

Aurten ere Urdaibai Poetry Slamek zuzenduko du kultur jarduera, “Urdaibai Haikuz” japoniar poesia tailer batekin. Jarduera honek naturan barrena ibilaldi inspirazionala egitea, olerkiak idaztea eta horiek errezitatzea barne hartzen ditu. Horrez gain, Gernikazarra kultur elkarteko José Ángel Etxanizek Urdaibaiko turismoaren jatorriari buruzko hitzaldia emango du.

Nobedade gisa, Urdaibai Bike Rental ekimenak bizikleta elektrikoen ibilaldiak prestatu ditu Urdaibaiko Ekoetxearen inguruetan, eta Sare Berdeak Urdaibairako ingurumen-proposamenak partekatzeko bilera.

Etxeko txikienek, oraingoan familian, Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolarekin zirku tailerraz gozatu ahal izango dute, baita Harrikontarirekin birziklatutako materialekin marmokak sortzea aurreikusten duen ingurumen kontzientziazio tailerraz ere. Ekoetxea Urdaibaik bisita gidatua eskainiko du Bioaniztasunaren erakusketa iraunkorrera, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren kontserbazioak gure inguruan duen garrantziaz jabetzeko. Gainera, ekitaldiak haurrentzako gune bat eta pintakarak izango ditu.

 

Gune gastronomikoa

Baserritik Gernikara, lehen sektoreko tokiko ekoizleek osatua, Urdaibaiko produktuekin egindako pintxo hotz eta beroak eskainiko ditu.

 

Urdaibai Gurie zozketak

Merkatuan erosketak eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko, produktuak erosten dituzten edo autobusa aukeratzen duten pertsonek Biosfera Naiz ekimenen produktu eta esperientzien zozketa batean parte hartuko dute.

 

Ikuskizunak

Urdaibai Guriek Bermeoko Seroie musika taldearen emanaldia izango du aurten, Amaia Gabantxo artista bertan dela, eta kantua, poemak, musika eta literatura nahastuko dituzte.

Egun osoan zehar, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren esentzia islatuko duen KZN tokiko artistaren zuzeneko graffiti bat sortzeaz eta Paul Larrozea DJaren Melodeep proiektuaren musika elektronikoaz gozatuko dugu.

Ekitaldiaren amaiera LAPSE dantza garaikideko taldearen eskutik izango da. Talde horretako kideek pieza bat sortu dute bereziki egun honetarako.

Tailer eta ekimenetara mugatutako aurreinskripzioa Urdaibai Gurie webgunearen bidez egin ahal izango da. Plaza gehienen izen-ematea ekitaldiaren egunean bertan egongo da eskuragarri, aurrez aurre, Urdaibai Gurieren stand nagusian.

 

Biosfera Naiz mugimendua

2021ean, UNESCOren MaB programak 50 urte bete zituen, eta mundu osoko Biosfera Erreserbek bat egin zuten ospakizunarekin, hainbat motatako ekimenekin. Testuinguru horretan, Urdaibaiko Biosfera Erreserbak bat egin zuen ospakizunarekin, eta Biosfera Naiz mugimendua sortu zuen. Mugimendu horren helburua biosfera errespetatzea eta zaintzea da, baita lurralde dinamikoa eta aukeraz betea eraikitzea ere.